Euskal Herriko muskerrak: eboluzioa eta banaketa-areak

Oraingo honetan gaur egun Euskal Herrian aurkitu ditzazkegun hiru musker espezieak erakusten dizkizuet: musker berdea (Lacerta bilineata), schreiber muskerra (Lacerta schreiberi) eta gardatxoa (Timon lepidus).

Hiru espezie hauek ezkatatsuen ordenean sailkatzen dira. Sauria edo Lacertilia suborden barruan daude. Sailkapen honetan sartzen dira ere lur lehorreko muskerrik handienak, komodoko dragoia (Varanus komodoensis) esaterako. Barano hau gure planetako muskerrik handiena da.

Ezkatatsuek (Squamata) oso orden anitza eratzen dute. Irakurri dudanez, 6.140 espezie inguru daude deskribatuta, gaur erakusten dizkizuedan hiru hauek barne daudelarik. Narrasti primitiboen moldapenak izaten jarraitzen dituzte oraindik, lur lehorra arrakastaz kolonizatzeko ezinbestekoak izan zitzaizkienak. Garrantzitsuenak ondorengoak dira:

  • Epidermis keratinizatua. Epidermiaren azken geruza (geruza korneoa) zelula hilez osatua dago, eta tolestu egiten da ezkatak sortuz. Lur lehorrean ez deshidratatzeko ezinbestekoa zaie.
  • Arrautz kleidoikoa. Arrautz honen ezaugarri nagusiena oskola da, arrautzaren kanpoko geruzan, muskerretan normalean malgua izaten dena. Geruza berri honen sorrerak uraren beharra murriztu zuen bizi zikloaren fase enbrionario honetan, uretan erruteko dependentzia eta larba fasea desagertaraziz.

Indar ebolutibo ezberdinek sortu izan dute gaur egun ezagutzen dugun espezieen distribuzioa gure planetan. Hortaz, gaurko hiru protagonista hauek Euskal Herrian duten hedapena interpretatzeko euren historia ebolutiboa bibliografian topatzera eraman izan nau, eta zuei kontatzera nator noski ;).

Musker berdearen leinuaren dibertsifikazioa Pleistozenoko garai hotzak baldintzatu zuen. Pleistozenoan, azken garai geologiko hotzenean, musker berdeek Europear kontinentearen mendebaldeko eta ekialdeko aterpeetan hartu zuten babesa. Isolaketa horren ondorioz, azken ikerketa molekularrek nabarmen uzten dute ekialdeko zein mendebaldeko muskerrak genetikoki desberdindu zirela. Gaur egun ekialdeko leinuko musker berdeak L. viridis bezala ezagutzen dira, eta mendebaldekoak (eta beraz Euskal Herrikoak) L. bilineata. Klima ozeaniko epelean hazten diren baso zein landa-eremuetara estuki lotuta dagoen espezie bat da, eta gurean Bizkaia, Gipuzkoan, Arabako leku hezeetan, Nafarroako iparraldean eta Iparralden topatuko dugu batez ere. Eskualde hauetan oso espezie arrunta da.

Musker berdea (Lacerta bilineata)

Musker berdeak (L. viridis zein L. bilineata) eta schreiber muskerrak arbaso Europear amankomun bat izan zuten. Duela 8-10 milioi urte arbaso amankomun hau banatu egin zen, seguraski Pirinioak altxatu zirenean, Miozenoan. Barrera geografiko honek Iberiar Penintsulako populazioak isolatu zituen Europarrengandik. Isolaketa horrek espeziazio prozesu endemiko bat jarri zuen martxan Iberiar Penintsulan, gaur egun ezagutzen dugun schreiber muskerra sortaraziz. Baso zein landa-eremu hezeekin lotura estua izanik, Euskal Herrian nahiko fragmentatua agertzen da bere banaketa-area. Bizkaia osoan nahiko uniformeki banatzen den arren, Gipuzkoan oso eskasa da eta bere ekialdeko banaketa-area Iberiar Penintsula mailan bertan amaitzen da.

Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi)

Gardatxoen kasuan, ez dago batere argi bere historia ebolutiboa. Miozenoaren amaieran Alboran-go mikroplaka altxatu zen, Iberiar zein Afrika iparraldeko plaken talkaren ondorioz. Ozeano Atlantikoa eta Mediterranear Itsasoa konektatzen zituen kanala itxi zen, eta Mediterranear Itsasoa ia guztiz desagertu zen, ebaporazio eta ur-ekarpen etenaren ondorioz. Itsasoak sortzen zuen barrera geografikoa ezabaturik gardatxoen dispertsioa eragin zuen. Baliteke ekialde hurbiletik heldu izana Iberiar Penintsulara (han kokatzen dira filogenetikoki gardatxoen hurbilen dauden musker batzuk), Magreb zein Europa hegoaldeko litoraletik pasaz. Duela 5,3 milioi urte berriro bete zen Mediterranear Itsasoa, mediterraneoko bi alderdietako gardatxoak isolatuz. Gaur egun mediterraneo inguruan hainbat gardatxo azpi-espezie daude, guztiak klima mediterranearrari lotuta. Gurean, Araba zein Nafarrora jo beharko dugu espezie hau topatzeko, klima mediterranearra agertzen den eskualdeetan oso hedatua dago.

Gardatxoa (Timon lepidus)

Hemen azpian Euskal Herrian hiru espezie hauek duten banaketa-arearen mapa batzuk egin dizkizuet, SIARE-ko espezieen presentzien datuak erabilita UTM 10×10 koadrikuletan.

Laster arte!

Euskal Herriko hiru musker espezieen banaketa-areak

Advertisements

One thought on “Euskal Herriko muskerrak: eboluzioa eta banaketa-areak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s