Anfibioak

SARRERA

Anfibioak ornodun tetrapodo ektotermoak (odol hotzekoak) dira. Lur lehorrera moldatutako lehen ornodunak, baina ez guztiz, oraindik arrautzak errun eta larba faserako uraren dependentzia daukatelako. Gainera, metamorfosia pairatzeko gaitasuna duten ornodun bakarrak dira! Azal biluzia dute, inongo ezkata, ile zein luma gabe. Gainera, bi guruin mota izaten dute azalean:

  1. Mukosa guruinak. Substantzia mukilaginotsu batekin azala heze mantendu eta ez deshidratatzeko. Anfibioen tegumentua iragazkorra da.
  2. Pozoi guruinak. Sorbalda eta buruan konzentratzen dira gehien. Predatzaileak uxatzeko baliagarriak.

Bi orden nagusi bereiziko ditugu anfibioen barnean, behintza Euskal Herrian:

  • Urodeloak. Uhandre zein arrabioak. Buztan garatua duten anfibioak dira, gorputz-adar pare bat eta luzera antzekodunak.
  • Anuroak. Apoak eta igelak. Heldu eta lurtar fasean buztana galtzen duten anfibioak dira. Atzeko gorputz-adarrak aurrekoak baino luzeagoak dituzte.

EBOLUZIOA

Erregistro fosilaren arabera, Deboniarrean (Paleozoikoa, duela 416-359 milioi urte) bizi ziren hegats lobularreko arrainetatik (Sarkopterigioak) eboluzionatu zutela uste da. Ur gezetako arrain hauek idorte zein sasoi heze efimeroetan bizi izan zirela uste da, birika primitiboak sortzeko lehen pausoa izanik lur lehorrera moldatu ahal izateko gradualki. Sarkopterigioen egungo ordezkari bakarrak zelakanto zein dipnoo edo arrain pulmonatuak dira.

 

 

Advertisements